San Joan egunean ekitaldi ugari antolatu ohi da Euskadiko txoko desberdinetan: herri eta auzoetako festak, erritual bereziak eta suak. Herrietako plazetan, esaterako, gizon koadrilek zuritutako enbor bat ("San Joango zuhaitza") ipintzen dute, eta, ondoren, su ematen diote. Ekainaren 23tik 24ra doan gauean, urteko gaurik laburrenean (hala esaten diote, baina benetan ekainaren 21ekoa da laburrena), udako solstizioa heldu dela ospatzen da.
Gipuzkoan, adibidez, Tolosako, Eibarko, Arrasateko, Hernaniko eta Andoaingo ospakizunak nabarmentzen dira, besteak beste. Tolosan askotariko jarduerak prestatzen dituzte, hala nola, bordondantzarien, txistularien, eskopetarien eta musika bandako kideen desfilea. Bestalde, Eibarren ere hainbat ekitaldi antolatzen dituzte: kontzertuak, dantza emanaldiak, kirol-lehiaketak, kalejirak eta haurrentzako tailerrak, gutxi batzuk aipatzearren.
Arabari dagokionez, Guardiako ospakizun tradizionalak merezi du aparteko aipamena: dantzariek desfilea egiten dute, "Katximorro" izeneko pertsonaia bitxia buru dutela. Alkate eta errejidore sindikoarekin batera herriko plazara abiatzen dira guztiak, eta, bertan, Guardiako bandera jaisten dute. Horren ostean, San Joan elizara joaten dira, eta Pilarreko Andre Mariaren irudiaren aurrean jartzen dute bandera; errejidore sindikoak alde batera eta bestera mugitzen du bandera hori. Agurain eta Amurrio udalerrietan ere jaiak ospatzen dituzte.
Bukatzeko, Bizkaiko herri askok omentzen dute San Joan. Leioan, Udaletxearen ondoan sua pizten dute, txosna gunean akelarrea egiten dute eta kontzertuak prestatzen dituzte. Muskizen, aldiz, dantzaldiak, lehiaketak, kontzertuak eta haurrentzako jarduerak izaten dira nagusi. Getxok, Bermeok bere San Joango Erromeriarekin, Sopelak eta Markinako Amalloa auzoak ere ospakizunak hartzen dituzte.